March 16, 2005

Izar eta biok Etxarrin

Etxarri Aranatz.
Euskal Herriaren erdi erdian. Halan diote beraiek behintzat. Euskal Herria bihotzean behintzat bai, halan diot nik. Halan ikusi nuen bart, Korrika bertatik igaro eta bertan geratzean.
Arbizutik gentozen, eta jende piloa Sakanako herri guztietan… eta jendetza Etxarriko gurutzean ere.
Mikel Aldasoro Fitxaje bertan zain, bidea zaintzen, AEK-ko arduraduna da Nafarroan, eta denetarik egin behar dute arduradunek: petoak saldu, bilerak, prentsaren aurrean agertu, aurpegia eman -ona batzuetan, okerragoa bestetan-, harremanak, jendea lagundu eta baita euskaltegian klaseak eman ere.

Eta etxarriarrekin afaltzera joan naiz Aranzabal elkartera. Saiheskia jateko, piperrak…. ederra jateko guztia. 30-40 etxarriar egongo dira guztira elkartean, Korrika egin ostean, martitzen buruzuri baten; bei, bei esaten entzuten ditut Etxarrikuek. Hizkera polite deukie pentsatuz neuretzat.

Guztien artean biziena, trastoena, alaiena Izar da. 6 urteko neskatila bat, bizkorra eta argia. Ilehori luzea eta Korrikaren t-xirta jantzita, modako.
Eta hara non esaten didan, berak hiru aldiz egin duela korrika.
Bai Etxarrin egin du, beharbada Korrika txikia ere egingo zuen… baina asmatu ezinik ibili naiz noiz egin duen hirugarrena….
-Korrika txiki ostean, Soinketa izan dugu
Harrituta utzi nau. Horrenbeste egun aurrera eta atzera, korrika eta laisterka, erreflexuak ere bidean geratu dira, nonbait. Atzean. Baina arrazoi du berak, korrika asko egin du, holan erakutsi gura izan du.
Eta egia esan, umeek egiten dute korrika gehien, oihu gehien, gogoa ere beraiek jartzen dute, gogo itzela, itzela gogoa. Korrika datoz, eta lekukoa ere aurreratzen dute, gogoaren gogoz. Maitagarriak dira, bihurriak dira, eta keinu egiten diegunean ohartzen dira, gu ere inoiz holangoak izan ginela, ezta andereño?

Afal ostean neka neka eginda nengoen, igarri didate Josunek eta Rakelek ere. Eta atoan joan gara etxera. Eskerrak. Izarren ohean egin dut nik lo, a ze gela polita! Berak amatxogaz egin du.

Eta gaur amets gozoak egin ditut. Umeek egiten dituztenak bezala, inork ipuina irakurtzen dienean. Ipuina, marrazki bizidunak…. errepidean aurkitzen ditut egunotan. Eta irudi hoiek, kontu hoiek buruan hartzen lokartzen naiz, ohartzeke.

Esnatu eta gosaldu dugu Izarrek eta biok. Telebista piztu du, Betizuak ikusteko, Euskal Herriko ume gehienek bezala, eta behiak ere korrikaren alde ikusi ditugu, eta Goenkaleko Naroa hori ere…. -gero jakin dut, Goenkaletik berak bakarrik egin duela korrika Orion-.

Kontua da, Izarrek bideo pila bat dituela etxean, asko. Nik ezagutzen ditut batzuk bai, baina ezezagunak gehienak. Eta Kukubiltxo aipatu dugu, eta Pirritx eta Porrotx, eta hau, eta bestea…. eta Josunek entzun egin gaitu. Eta Kukubiltxoren bideo zahar zahar bat ipini dit, 82koa. Umea nintzen orduan, baina ez genuen bideorik etxean. Uste dut, koloretako telebistarik be ez zela izango gurean.
Eta Etxarrin ikusi dut gaur Larrabetzun ekoiztutako bideo hori, 20 urte geroago. Baina umetu egin nau horrek. Gehiago.
Eta Izarregaz jolasten jarraitu dut, ikastolara joan aurretik.
Eta orain badakit, asteburu honetan ez, baina hurrengoan Cordobara joango dela aitatxo ikustera, eta Korrika hiru aldiz egin duela kontatuko diola.

Posted by gaztelumendi ((i)) at 17:44:41 | Permanent Link | Comments (2) |
Comments
1 - ...eta kontatuko dio Korrika herrira heldu zen egunean Euskal Herri guztia arineketan egiten ari den gizon batek bere ohean lo egin zuela, (eta, ze ondo!, gau horretan amatxok berarekin lo egiten utzi ziola), eta ikastolara joan aurretik antzinako bideoak ikusi zituztela elkarrekin, eta ez ziola ezer esan nahi izan, baina begiak busti-bustirik zituela konturatu zela, igual negargura izango zuen, edo logura, edo umegura, edo batek daki zer, eta gizonak zapatilak jantzi eta korrika jarraitu zuenean, berak logelara joan eta jostailuak bere lekuan ipintzen pasatu zuela goiz erdia (igual horregatik izango zuen logura...), eta ikastolara berandu heltzeagatik irakasleak errieta egin zionean, berari ere begiak busti-busti jarri zitzaizkiola, baina aurreko batean amatxok esan ziola beti ez dugula triste gaudelako negar egiten, poztasunak ere negargura ematen duela batzuetan... (Comment this)

Written by: Anonymous at 2005/03/18 - 08:57:47
2 - Kaixo,

besarkada, baino what does this mean? "amets gozoak"

esker (Comment this)

Written by: GorroñoS at 2005/07/06 - 00:56:38
Write a comment