Aralar maite dut. Gehiago zuria dagoenean. Orain adibidez.
Aralarren azpian egin nuen lo atzo, edo herenegun... ez dakit ze ordu zen. Hemen ilargirik ere ez zen, dena zuri, dena beltz. Izar batzuk, besterik ez. Hotza oheratu ginenean, hotza goizean...Aralar kanpinean egin genuen lo, herriko gaztetxearen parean. Ohe hotz batzuetan, laugarren ziegan. 6 lagun, literetan. Sei ziegakide. Txapeo laburra gurea... errekuento generala goizean. Berriz lanera. Aralarretik.
Hemengo gauak
Korrika pasatzen somatu zuela aipatu zuen Jakesek, baina ziurtasunik ez zuen, ametsetan egin zuen beharbada... baina pasatu zen Korrika Lekunberritik, eta amets ere egingo zuen Jakesek. Ez dakigu baina, amets izarrik ala lo egiten dugun. Ametsak dira egunak hemen. Hemen gauak ez ditu lau ertz, hemen gauak izarrak ditu, eta pausuak....eta jende pila bat egurraren atzetik. Makila aurretik doa normalean, eta korrikalariak atzetik. Bestela da urtean zehar, makildunak atzetik etortzen zaizkigu, bai oraindik bai.
Eta Lekunberrin dutxa beroa hartuta -masajea bailitzan- ondo gosaldu eta A15 autobiari heldu diogu -Jonan Fernandezen tunelak madarikatu ditugu, ze luzeak!- Iruñeara goaz. Atoan heldu gara hiriburura. Eguzki irratia jarri dugu (104.5 fm) eta fite fite eskuratu dugu informazioa, Alde Zaharrean sekulako giroa dago, Errotxapeatik sartu gara, azkar, Donibane auzora egin dugu... eta Korrika espetxe parera heldu aitzin, marabuntaren erdian geunden BERRIAkoa eta biok.
Hemen gauak lau ertz izango ditu
Hunkigarria izaten da espetxe aurreko egoera oro. Barruan ere hala izango da, kanpokoaren berri eman ahal dizuet. Momentuz. Txakurrak zeuden parean, ez asko, eta uste dut barrabilak peloteroaren txorrota baino gorago zituztela, saman korapilatuta... naparrak laostia dira! Egoera profitatuz, Orreaga ttiki bat montatu da ia ia hemen, dialektikoa hori bai, eta sekulakoak eta bi esan dizkiete Zaragozatik etorri berri diren indar arrotzei, ikurriñak pasatu dizkiote musturraren aurretik, Policia Asesina! ozen entzun da kilometro honetan. A ze sarrera egin dugun. Egunak holakoa behar badu, bihotza lehertuko zaigu.
Okiña gogoan
Eta Askatasunaren kilometroa egin ostean -giltzapean direnak gogoan hartuz- Angel Berroetaren sendiak hartu du lekukoa. Korrikakoa esan gura dut. Bam bam, pistolak entzuten dira, Okiña hil digute erraten du Afrika eta Fermin Muguruzaren kantuak Urtea egin du martxoaren 11ak, hori kontatu digute, urtea du ere polizia batek Okiña hil zuenetik. Ondo gogoan dute bere auzokideek, batez ere hutsunea delako orain, eguneroko ogiak beste zapore bat izango du orain, mikatzagoa irudikatzen dut. Iduri zait.
Baina han zen Anjel, argazkia, lekukoa, auzoa.... eta gogoratzeko oihuak. Eta jende pila bat, jadanik Anjel Berroetarena den karrikan, auzoan, Iruñean, Euskal Herrian. Eta Korrika aurrera doa, ez du inor ahantzi nahi, baina jarraitu egiten du, ez da gelditzen. Eta Donibane, edo Errotxapea, edo Antsoain, Atarrabia... berdin du. Beti jende bera dagoela ematen du, beti dago asko, beti dago topera... ez dira nekatuko! edo Iruñerriako txoko guztietako denak atera dira gaur, igandea, zurien orduan. Iruñea hau gogoko dut, eta ez bezperako Donostia, San Sebastian... hori euskalduna dela esango dizute, baina ez dute oihurik egiten. Jatorra izango da beharbada, baina alde zaharrean jendea pasioan dabil, Egiak gezurra dirudi. Nire herrian baino jende gutxiago. Erakutsiko diet. Zapatuan.
Iruñea ez, berezia da gure hiriburua. Jendetsua, iletsua, koloretsua. Ezetza bai bilakatuz. Ni ere bai! debeku guztien gainetik. Yo no! esaten du pegatina batean Egues ibarreko alkateak, UPNkoa dela imajinatzen dut, ezta? Ez dio baimenik eman karpa erabiltzeko Korrikari, Ermuko espiritua, ulertuko didazue. Eta korrikan jendea. Jendetza. Manifa nazionalak auzoetan. Nazioa eginez, orpoz orpo. Izerditan. Ni ere bai.
Malkoek ito ez dezaten
Iruñea hau ez dut ahaztuko. Gogoan izango dut luzaroan. Duela bi urtekoan negar egin nuen, amaiera zelako. Eta Kanaldudeko lagunek ni ohartu barik hartu zituzten irudiak orduan. Orain ez naute hain errez harrapatuko, izkutuan egingo dudalako beharbada negar. Egitekoa da eta gaur egungo zenbait egoera. Agoitz adibidez.
Gaur ere ikara sentitu dugu lurrikaren eremu honetan. Ez gara Itoitzetik pasa, Nagore zaharra ez dugu ikusi ere egin ahal izan, Artozkiko zubiaren ederra non egongo ote da, zergatik ezin gara Irati errekan gora joan Aezkoara. Lehen egiten genuen bezala?
Guardia Zibilek kotxeetako matrikulak apuntatzen dituzte bide bazterrean, eskuan apuntatu ere, azkar, lotsa barik. Jendaurrean. Gu baina, aurrera goaz, korrika. Baina ez goaz ihesi; korrika. Mendira jo dugu, baina ez sasira. Urrobi errekaren ondoan edurra da nagusi. Geruza zuria eguzkipean. Baina ez da urtzen, hotzak harrapatuko gaitu berriz ere. 17 graduko beroa zen Agoitzetik gora, aldapan gora, Nagorera joateko gora, mendian gora. Hotza orain, izotza orain.
Aupa Kurto! Mekaguendios!
Atzean utzi dugu Artze ibarra, jadanik gelditu dira Lakabeko gazteak, kilometro andana egin dute, Kurto taldearen erropak soinean, Lakabekoak dira, okupak, ni baino gazteagoak denak, eta beraiekin punka aldarrikatu dut, mekaguendios! esan dut gogotsu mikrofonotik, eta atoan ulertu dugu elkar. Lakabeko semealabak dira, belaunaldiz belaunaldi, ez da deus eten, jarrera mantentzen dute, eta duela urtebete Artozkin ikusi nituenak dira. Jotzen ikusi nituen orduan, Fermin Muguruzaren aurretik, indartsuago ere, esan nezake. Aupa Kurto! Mekaguendios! oihukatu dut berriz, eta oihu egin dute, jauzi egin dute. Punki gazteak dira. Jatorrak dira, eta Karmelek hurrengo diskoan euskarazko kantuak sartu behar dituztela gogoratu die. Aupa Kurto! Lakabera berriz joateko gogoa piztu zait, itzuliko naiz.
Aezkoa eta Zaraitzu
Eta Aezkoa ibarrean gara, edur gehiago. Hotzago. Jende gehiago, beroago. Karmelek lehen furgonetatik animatzen jarraitzen du, ez da isiltzen. Pozik dago mikrofonoarekin, bera da Euskal Herriko esataririk onena, irrintzilaririk alaiena, andra jatorra, militantea, mobida guztietan dagoena, ibarreko lagunak gonbidatzen ditu, jendea agurtu, gazteak animatu, argazkilariak lanean jarri ditu... animatzailea esaten zaio Lapurdin, izena berea du. Animatzailea duzu Karmele. Irkus Amikuzetik izan zen bezala, Kattin Sara inguruan izan den bezala, Jasone eta Ane Nafarroako egun luzeetan diren bezala... lezioa eman die Karmelek. Ondo ikasi dugu guztiok. Hori da animatzea. Iratin badugu non ikasi, irratian ere bai.
Bitartean trafiko lanei ekin diet. Amaitu ditut gaurko irrati konexioak, eta bidezain jarri nau Anderrek atzeko furgonetan. Autoak eta bideratzen. Errepidearen erdia hartzen dugu, eta bi norabideetakoak bideratu beharrean gaude. Atzetik ditugu bi patrol. Agoitzetik dator bat, Auritzetik etorri berri da bestea. Guri so. Eta gu lanean, beraien lanean. Baina ziur beraiek baino hobeto egiten dugula. Ez dugu trajerik, Korrikako peto hori bat soilik, ez dugu argi urdinik, gogoa besterik ez. Korrika asko egin behar da, aurrera atzera. Furgonetako gure lagunak guk baino hobeto egiten dute, 14 orduz egoten dira hau bideratzen, gu hasiberriak gara, bekarioak beraien lanean. Baina Anderrek eta Txintxanek eskertu egiten dute, maitagarriak dira. Jasonek musika jartzen jarraitzen du, Anek furgona daroa, ekipo guztia lanean. Prentsako furgona atzetik dator, eta kazetari batzuk Garraldan geratu dira, idazten. Biharko. Nik egin beharko nukeen bezala. Gaur ari naiz bezala. Bart irakurtzeko gaur idatzia. Berandu, lanez gainezka.
Eta Abaurregainan, Euskal Herriko herririk garaienean, gauak hartu gaitu. Ilargiaren azpian gaude, ilgora dago, gorri gorri. Eta herritarrez lepo metrotik gora zuritutako bide bazterrean. Korrika, korrika. Ni ere bai! entzuten da bafleetatik, eta Zaraitzura goaz, aldapan gora aldapan behera, Zatoia erreka igaro dugu, lamiek musuka egoten diren erreka, atzean geratu da Aezkoa, zai dugu Zaraitzu. Ezkarotz. Otsagi.
Mendixut aldizkariko Silbia ari da orain argazkiak ataratzen, Nagore Garraldakoa egon da orain arte. Pirinioetako kazetariak dira. Interneten gune asko sortu dituzte, paperean aldizkari eder bat. Gomendagarriak, Euskal Herria ezagutu gura duenarentzat.
Eta Otsagin gaudela ez naiz ohartu, atzeraka noa, furgonetan jezarrita. Karmeleren ondoan orduak minutu dira. Asko maitatzea lortu du. Horrelako bat gura nuke gurean, urte osoan. Irratian edo euskara elkartean, omenaldietan zein jaietan, Orreagako ekitaldian edo laugarren egunean... beti prest. Eta gaur ere berandu helduko da etxera. Zain izango ditu etxekoak, medikua eta familia. Karmele beti lanean, herriarekin herriarentzat. Eta UPNkoek ez dute alkate moduan ikusi gura. Normala. Nik bai, Aribeko alkate gura dut Karmele Galarza. Bozkatuko diot. Irabaziko dut nik ere noizbait.
Otsagin pote bat hartu dugu, eta Itzaltzun kilometroa erosi duten Eguzki irratiko lagunak ikusi ditugu, azkar ibili behar dute, eta goizeko saioagatik zoriondu ditugu. Karrerako gure irratia izan zarete, informazio zehatza zuzenean.
Pintxoa jan dugu, Zaraitzutik Aezkoara joan behar dugu orain, elurra dago. Ilargia ederragoa dago, gorriago. Baina bakarrik goaz bidean. Zaraitzutik Erronkarira egingo du karrerak, Aezkoatik gabiltz orain gu, Auritzberrin afaldu eta lo egiteko.
Txarrihankak eskatu ditugu Patxi Markinakoak eta biok. Gozo zeuden, gozoago oraindik gatzatu flana. Eta kafea. Eta rona. Eta.... lotara joan gara. Basajaun landetxera.
Hotza egiten du. Zuri dago. Esnatu naizen bezala lokartuko naizela uste nuen. Baina ez, gaurkoan zerbait gertatu da. Ametsetan nagoela uste dut nik ere, ez dakit izarrik nagoen, ez dakit lo naukaten. Hemen gauak hamaika izar ditu. Gabon.
Recent Comments
Albums